XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), zegoela diot eta ez dagoela orain eroria bait datza hormak arrailduak, dorreak jausiak, ate nagusia bortxatua, oro bere hondakinetan.

Zaldunak Akronius agurearekin topo egiten zuen lekuan kokaturik zegoen zuhaitzak bere hartan dirau oraindik: zedro zardai eta tentea, zutik dago oraingoz gaztelutik ez urruti, handik zenbait leguatara.

Ostatuak berriz zabaldurik jarraitzen du denboraren erasoaldia itxurak aldaturik, gaur egun eta edozein ordutan zoazela jendez gainezka aurkituko duzu.

Ostatu hau kostaldean da eraikia, itsasertzean kausi zenezake, ez dago galtzerik.

Zaldun batek, betebeharrak eta eginkizunak direla medio, bidaia luze bat egin beharra dauka urtean lau aldiz bere gaztelutik ia erreinuaren bukaeran dagoen leku batetaraino.

Gaztelutik ez urrutira dagoen bidegurutze baten inguruan, zedro eskerga baten arrimuan agure batekin egiten du topo beti zaldunak, leku jakin hortatik pasatzen den bakoitzean aurkitzen du beti eserita.

Agure hau nagitsu azaltzen zaio, itxuraz soraio dagoelarik, zerbaiten zai egongo balitz bezalaxe.

Bizar luze xuriska darama kasik gerriraino datorkiola, haritz makila eskutan eta askotan kanta bitxi bat ziztukatuz (gutxitan kantatuz) ari dela aurkitzen du zaldunak aurretik pasatzerakoan gizon zaharra.

Halako batean, zalduna hortik aurrera pasatzera doala, agureak geldierazten du eta jakinarazten dio Sir John Magnus etorri dela zedroaren parera beraren galdezka, aipatu diola berriro ere bueltatzekoa dela laster eta aurreraxeago kausituko duela.

Zalduna arras txunditurik geratzen da.

Instant batez ez daki nola erantzun, nondik nora jo, zer egin.

Hala ere agurearen izena itauntzera ausartzen zaio: honek Akronius izenaz ezagutzen dutela ingurukoek ihardesten dio.

Akronius deituriko agureak ikusi du zalduna beste bide bati ekitera zihoala, (...).